Midnight Boogie Weekend 2018

Soul eta R&B musika jaialdiak berriz ekarri du distira, bigarren urtez jarraian, Arabako hiriburura. Erritmo handiko asteburu baten ikus-entzunezko kronika.

Gau hotza Vitoria-Gasteizen. Ilargi betea distiratsu eta eder dago hiriko zeruan, Helldorado aretoa jendez betetzen ari den bitartean. Midnight Boogie Weekend ekitaldiaren bigarren edizioaren oihala igotzeko minutu gutxi batzuk baino ez dira falta. Vital Fundazioak eta aretoak berak antolatua, Arabako musika-egutegian erreferente bilakatzea du helburu. Gaurko kontzertua berezia da. ez du inork galdu nahi, ezta Fito Cabrales ere, izan ere, munduko gitarra jotzaile onenetako baten magiaz gozatzera hurbildu da.

Eric Gales (Memphis, Tennessee, 1974) gitarra jotzaile on bat baino zerbait gehiago da. Musika-tresna horren bizirik dauden legenda batzuek unibertsoak oparitu zigun Hendrix izaki mitologiko harekin konparatzen dute. Hogei bat disko sinatu ditu, blues garbienetik raperaino doazenak, Carlos Santana edo Jimmi Hendrix-i egindako omenaldi bikainetatik igarota. Kritika bikaina zekarren aurretik, eta berarengandik espero zena sobera bete zuen. Dardara eragin zuen, bai bere hit-en bidez, bai Voodoo Chile edo (Don’t fear) the reaper bertsio onen bidez. Ez dago jaialdi bateko lehenengo gaua ixteko modu hoberik. Blues rock deskarga horretaz gozatu genuenok pozik joan ginen ohera.

Galesen kontzertuaren hamabi ordu geroago, berriz ere itzuli ginen Helldoradora, zerbait berezirako. Midnight Boogie Weeken ekitaldiak rythm and blueseko legenda batek alaitutako vermouth batera gonbidatu gintuen. Mike Sanchez (Hackney, Erresuma Batua, 1964) eminentzia bat da piano aurrean. 17 disko sinatu ostean, eta figura oso handiekin lanean aritu ostean, esaterako, Eric Clapton edo Robert Plant, Sanchez bakarrik etorri zen Gasteizera, pianoa baino ez zuen ekarri eta. Baina, bere banda barik aritu arren, piano jotzaileak dantza eginarazi zien aretora hurbildu ziren guztiei, eta ez ziren gutxi izan.

Iragana, oraina eta etorkizuna

Hegoaldetik urrunduko gara, hiriaren bihitzera hurbiltzeko. Jaialdiko hurrengo hitzordua Kordoi Etxearen areto gotikoan egin zen. Jaialdiaren lehenengo edizioan, Julián Maeso-k (Toledo, 1976) aho zapore gozoa utzi zuen haurrentzako musika tailerra egin ondoren. Txikienek bikain pasa zuten musikaren  oinarrizko elementuak deskubritzen. Beste tailer bat ematera itzuli zen Maeso Gasteizera, eta bigarren aldi honetan ere arrakasta itzela izan zen. Neska-mutilek bikain pasa zuten eta Toledoko musikariak agertoki gainean genio hutsa izateaz gain lur xumean ere badela erakutsi zuen.

Eta musikaren etorkizunetik, musikaren historia bizia ikusteko mugitu ginen. Midnight Boogie Weekend jaialdia kontzertu berezi baten eskutik itxi zen. Agertokietan 50 urte luze eman ondoren, The Pretty Things taldeak agur esan digute betiko. 1963an Dick Taylorrek sortua (Rolling Stones oso gazteen kide izan zenak), arrakasta esanguratsua izan zuten haien hasierako urteetan. Beste banda batzuen arrakasta mediatikora iritsi gabe, gaur arte lanean jarraitu dute ingeles horiek, eta erreferente bilakatu dira rock psikodelikoaren zaleentzat. Helldoradon egin zuten agur kontzertua, jaialdia ixteko erarik onena izan zen. Phil May-k eta bere taldekideek aretoari eta aretokoei dar-dar eginarazi zieten eta rocker zaharrak ez direla inoiz hiltzen erakutsi zuten.

Horrela itxi zen Midnight Boogie Weekend delakoaren bigarren edizioa, musika ona ezaugarri nagusi izan duela. Kontzertuak oso arrakastatsuak izan ziren eta gainerako jarduerak, esaterako, DJ saioa El Nuevo-n edo Standing in the shadows of Motown emanaldia, bertaratu zirenen oso gogokoak izan ziren. Julián Maesok berriz ere konkistatu zituen txikiak eta amaieran, guztiok jarri genuen begirada 2019an, jaialdiaren hurrengo edizioa noiz iritsiko den zain.

Midnight Boogie Weekend jaialdia, Vital Fundazioak eta Helldorado aretoak sustatua, gure lurraldeko kultura-eskaintza aberasten duen musika hitzordu bilakatu da dagoeneko. Vitoria-Gasteizek eta Arabak musika-egutegi inbidiagarria dute gaur egun, mota eta neurri anitzeko jaialdiak eta musika-zikloak dituzte eta.

Galería

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.