Eugenio Recuenco: 365º
Bere lan-ibilbideko proiektu garrantzitsuena ikusgai duen erakusketatik paseo bat
Vital Fundazioa erakusketa zentrotik argazkigintzako figura garrantzitsuenetako batzuk igaro dira. 2018an, panorama nazionaleko figura esanguratsuenetako bat den Alberto García-Alix artistaren lanaren atzera begirakoa jaso zuen. Zerrendan hurrengoa Eugenio Recuenco da, argazkigintza artearen beste maisu bat. Recuenco (Madril, 1968) Espainiako gaur egungo argazkigintzaren figura garrantzitsu bat da, bai komertzialean, bai artistikoan. Estilo oso berezia du, fantasia prisma bat du eta, tonu pasteletan oinarritua, tonu biziagoak erabiltzen ditu elementuak nabarmentzeko. Estilo horrek zenbait argitalpenetara eraman du, hala nola Vogue, Rammstein taldearen bideoklip batera edo Reina Sofia museoan erakustera.
Hamarkada honen hasieran, Eugenio Recuencok asmo handiko proiektu bati ekin zion, bere bizitzan gertatutako guztia islatu nahi baitzuen bertan, arlo pertsonaletik gizateriaren mugarri giltzarrietaraino. Hori guztia 365 iruditan, urteko egun bakoitzerako bat. Denek dute gune komun bat, gelatxo txiki bat, lau metro eskas altueran, bi eta erdi zabaleran eta leiho txiki bat goiko partean. Horiek dira zortzi urteko lanaren ondoren argia ikusi duen 365º lanaren gakoak.
Vital Fundazioa erakusketa zentroan sartzean, bisitaria erakusten diren lanez harago doan erakusketa batean sartuko da. Muntaiak -ez du zatirik libre uzten horman- atmosfera ikusgarria sortzen du. Argazkiek inguratzen gaituztela sentitzen dugu, bere proiektua garatu zuenean Recuencok halaxe sentiaraztea nahi zuen eta. Ia ez dago argiztatzerik, argazki bakoitzaren argi-kutxak izan ezik, eta horrek garrantzitsuenera garamatza, irudiaz gozatzera.
Xehetasunei erreparatzearen plazerra
Matematikek errealitate bat ematen digute. Irudi bakoitzari minutu bat emango bagenio, eta ez da hain zentzugabea, 3 ordu beharko genituzke erakusketa osoa ikusteko, ezinezkoa, beraz, bisitaldi bakarrean egitea. Egileak badaki hori eta deigarriak egiten zaizkigun argazkietan gelditzera gonbidatzen gaitu, eta horietan lehenengo begirada batean oharkabean igaro diren xehetasun bitxiak deskubrituko ditugu. Argazki guztiak lotzen dituen elementu bat bilatzera jolas dezakegu, egun bakoitzeko egutegiaren orria, esaterako. Beste aukera bat da 365º proiektua ataletan banatzea, autobiografikoa, gizateriaren gertakari handiena, jolasarena, edo ibilbide historikoa artearen mundutik. Argazki batean, esate baterako, egileak espazioarekin eta formekin jolastu nahi izan zuela esan daiteke.
Irakurri duguna kontuan izanda, dagoeneko jakin badakigu proiektu hau zerbait oso berezia dela. Lehenengo eta behin, egileak zortzi urte behar izan dituelako amaitu ahal izateko. Proiektu horrek ekoizpen aurreko eta osteko lan izugarria eskatu du. Estilistek, dekoratzaileek, modeloek … pertsona askok lagundu dute 365 istorio desberdin eratzen eta elkarrekin esperientzia ikusgarria sor dezaten.
Eugenio Recuencoren ‘365º’ ekainaren 30era arte izango da ikusgai Vital Fundazioa erakusketa zentroan (Posta kalea 13-15, Vitoria-Gasteiz).