Bitxi bat eraztun (berdean)
Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdearen sorreraren 25. urteurrenean ibilaldi bat egin dugu bertako parke bisitatuenetakotik: Salburua.
Goizeko 10:00ak dira eta eguzki distiratsua dugu zeru urdinean: Goizaldea hotza izan da, ete horren lekuko da Salburuako zelaia, izan ere, gaueko izoztearen ondorio den behe-lainoa du gainetik. Argazki ederra oparitu digu naturak bertara iritsi garenean.
Eraztun Berde gasteiztarraren parke bisitatuenetako batetik egingo dugu ibilaldia. Hesi natural babesle hori osatzen duten hektareen ia heren bat duela mende laurden bat existitzen ez zen parke honetakoak dira. 1993an, Salburuaren errealitatea oso bestelakoa zen gaurkoaren aldean. Hezeguneen jatorria periodo kuaternarion dago eta ia galduta zeuden lurraren nekazaritzarako erabilera zela eta. XIX. mendearen erdialdetik, eremu horretatik gertu dauden herriek lurrak hartzen joan ziren, zenbait erabileratarako. 50eko eta 60ko hamarkadetan, ama lurrak milaka urtetan egindako lana ia desagertuta zegoen.
1993an, Vitoria-Gasteizko Udalak urrats garrantzitsua eman zuen hiriaren etorkizun berderako. Ingurugiro Gaietarako Udal Ikastegiaren eskutik eraztun berdearen garapenean lan egiten hasi zen. Garai hartan Salburua, oraindik ere, aireportu zaharra izenaz ezagutzen zen. Egoera hobea zen 60ko eta 70eko hamarkaden aldean, garai hartan urmaelak ia-ia desagertu egin baitziren.
60ko eta 70eko hamarkadetan, Salburuako urmaelak ia-ia desagertuta zeuden.
Gauzak horrela, lan asko zegoen egiteko. Landaredia eta paisaia berreskuratzeko lanak hasi ziren parke osoan, eta horren ondorioz, Salburuako jatorrizko aberastasunaren parte bat berreskuratu zen. Milurteko berriaren etorrerarekin, emaitza naturalak ere iritsi ziren. Hezegunea osasuntsu ikusten da berriro, eta fauna aspaldian lapurtu zitzaion eremua berreskuratzen ari zen. Hegaztiek euren erabilerarako berreskuratu zuten Salburua, bai bizitzeko, bai atseden gune izateko urteroko migrazioetan. IGIk eremu horretan lanean jarraitu zuen eta bertatik ahalik eta ondoen ibiltzeko moldatu zuen, zenbait ibilbide erabilgarri sortuz. Behatoki bi ere eraiki ziren, parkeko fauna hurbiletik ikusteko. 2002an, Salburuak nazioarteko aitortza jaso zuen, eta Ramsar leku zerrendan erregistratzea lortu zuen, garrantzi handiko hezegune izendatu baitzuten.
Nagusi eta txikientzako ibilaldia
Ez daramagu ezta 20 minutu oinez eta goizeko ibilaldia egiteko, duela ia 20 urte, parkera egunero datozen hiru lagunekin elkartu gara. Adineko hiru lagun horiek Salburuaren bilakaera gaur egun arte bizi izan dutela adierazi digute. Euren eguneroko ibilaldia Elorriagako gunetik Betoñuko makaldiraino doa, eta parkeak zelaiko gunean duen sarreran amaitzen da.
Erritmo leuna daramate, baina etengabea, ia ez dira gelditzen arbolaren bat edo euren arreta piztu duen zerbait begiratzeko ez bada. Mota guztietako erabiltzaileak hartzen dituen eremu horren erabileraren adibide dira. Kilometro bat geroago esan diegu agur eta gure bidetik jarraitu dugu. Aurrera egin ahala, mota guztietako pertsonak aurkitu ditugu, bere txakurtxoa paseatzen ari den emakume gazte bat, Arkauteko urmaelaren behatoki ondoan flexioak eta abdominalak egiten ari den gizon bat. Bide berde horiek kirola egiteko edo parkea beste ikuspegi batetik bisitatzeko erabiltzen duten zikloturistak ere ez dira falta. Lan eguna denez eta goiz denez, ez dugu turista askorekin topo egin, baina asko etorriko dira egun batzuk geroago, abenduko zubian.
Goizeko 11:00ak inguru dira eta Lizarrak behatokiraino eramango gaituen korridorean gaude. Hesiaren zuloetatik begiratu eta parkearen beste ikuspegi eder bat dugu aurrean. 100 bat metrora, dozena erdi bat orein ar daude, edaten hezegunearen erdian. Isiltasunak eragiten duten marmarra entzutea ahalbidetzen du eta aho zabalik geratu gara ikusten ari garenari buruz hausnarketa egitean. Hiritik kilometro eskasera gaude eta urrunera joan garela dirudi.
Isilik, ordu honetarako jendez beterik dagoen behatokiko atea ireki dugu. Gure ezkerretara, gazte batek oreinen argazkiak lortu ditu, dimentsio handiko objektiboari esker. Beste mutil pare bat hegaztiei begira ari da prismatikoen bidez eta behatokiaren beste muturrean argazkiak egiten ari diren beste birekin egin dugu topo. Pertsona talde batek alde egin du eta jesartzeko eta Arkauteko urmaela hobeto begiratzeko lekua utzi digute. Begiratzen dugun edozein lekutan hegaztiren bat dago, izan ere, 200 bat hegazti-espezie ikusi dira, orain arte, parkean. Ahateak eta bere ahaide hurbilak dira gehiengoa, nahiz eta ez diren falta zikoinak eta kaioren bat edo beste ere. Bat-batean, harritu egin gaitu gugandik 10 edo 15 metrora lasai jaten ari den orein eme bat ikusteak. Ikuspegia ederra da eta orduan eman genitzake berton, baina beste batzuentzako lekua utzi eta ibiltzen jarraitu dugu.
Aipatu dugu 193 hegazti-espezie edo ikusi direla Salburuan. Horiei 30 edo 40 ugaztun espezie batu behar zaizkie, horietako batzuk desagertzeko arrisku kritikoan, bisoi europarra esate baterako. Haragijale txiki hori mehatxatuta dago, bisoi amerikarra, larrugintza abeltegietatik datorren espezie inbaditzailea, askatzearen ondorioz. Hala ere, oraindik ere itxaropena dago mustelido eder horren kasuan. Gaur egun, Salburuak baditu bisoi europarraren hazkuntza garatu ahal izateko beharrezko irizpideak eta horrek etorkizun hobeaz amets egitea ahalbidetzen digu.
Bisoiarekin bezala, beste espezie batzuek ere inbaditzaileen ondorioak jasten dituzte. Karramarroen kasuan, bere ahaide amerikarren etorrerarekin onddo bizkarroia ere etorri zela ikusi zuten bertakoek, eta horrek gaixotasun hilgarria eragin zien kasuen % 100ean. Salburua karramarro gorriz edo seinaledunez bete zen, eta bertakoak ia desagertzea eragin zuten.
Beste adibide bat Floridako apoarmatua da, edozein animalia dendetan aurki ditzakegun dortoka horiek. Bat baino gehiago agertzen da Vitoria-Gasteizko hiri-parkeetako urmaeletan, baina beste asko Salburuan askatzen dituzte. Ingurune natural horretan hobeto egongo direlako uste okerrak eragin negatiboa sor dezatela ekarri du, ekosistemako bertako beste espezie batzuekiko, esterako apoarmatu korrontezalea.
Florak ere antzeko kalteak jasaten ditu. Panpako belarra Hego Amerikatik datorren espezie inbaditzailea da. Ihi nahiko luzeak dira eta lumazko bukaera dutenez, nolabaiteko balioa dute apainketetarako, hortik dator jatorri inbaditzailea. 50eko hamarkadatik hasi ziren penintsulako kostaldetik eta gune hezeetatik zabaltzen, gure hezegunera iritsi arte.
Ataria, behatoki hutsa baino zerbait gehiago
Eguzkiak eguerdia dela jakinarazi digu eta gure podometroak diosku parkearen 9 kilometroetatik 7 inguru egin ditugula. Arkauteko urmaelari buelta egin diogu eta gertu ikusi dugu Fernando Buesa Arena. Gure azken geldialdia 2009tik parkeko talaia dena da: Ataria. Parkeko interpretazio-zentroa ingurunearekin bat egiten duen eraikin ederra da. Eraikin horren barrutik parkearen bandera naturala ikusten da, zeruaren urdinak eta floraren berdeak sortua.
Atariaren 1600 metro kuadroek Salburuako ekosistema hobeto ezagutzeko balio dute. Zalantza barik, parkeko atea da, eta bertan bizikleta bat edo buggy elektriko bat aloka dezakegu, bisita gidatua egin nahi badugu. Zentroko teknikariek edozein zalantza argituko digute eta egunero ehundaka bisitariri ematen diete ongo etorria, horietako zenbait oso-oso gazteak. Ikastetxe gehienak joaten dira instalazio horiek bisitatzera, hiriko flora eta faunaren parte bat ezagutzera. Gure bisitaren unean, txikitxo talde bat adi-adi entzuten ari da ahateei jaten ematen irakasten ari zaien parkeko teknikari baten azalpenak. Ahateak asko hurbiltzen dira, janaria erakargarri egiten zaie eta.
Parkeko beste behatokia hurbildu gara, eta hutsik dago. Jesarri eta eremu horretako biztanle bi ditugu zain, kopetazuri bikote bat lasai ari da paseatzen eta jaten gugandik pare bat metro eskasera. Noizbehinka begiratzen gaituzte, baina badirudi ez direla gure beldur. Gizakiekin duten etengabeko harremanaren ondorioz, onartu egin duten elkarbizitzara iritsi dira.
Erlojuak ordu bata jo du Betoñuko makaldian gaudela. Eguzkiak urmaela argitzen du baita nahiko gertu dauden Salburua auzoko etxeak ere. Hasieran egin dugun hausnarketa hura datorkigu dugu berriz ere burura, sinestezina da parke honek ematen duen urruneko natura sentsazioa, nahiz eta, oinez, hiritik bost minutura egon.
Bideak eta zubiek ibilbide honen hasierara eraman gaituzte. Gure zangoek nekea nabaritzen dute 9 kilometro inguru oinez egin ostean. Bizitakoa baloratu dugu eta eraztun berdearen garapenak benetan zer ekarri duen ulertzeko balio izan digu. Harresi berde gasteiztarrak hiriko ingurumen-orekarako balio du, eta mota askotako jarduerak egiten gozatzeko lekua ere eskura jartzen digu, hala nola atletismoa edo ibilaldi lasai bat gure maskotarekin batera.
Azken 25 urteetan, gizakiaren erruz desagertuak ziren gune berdeak berreskuratu ditu Vitoria-Gasteizek. Horren ondorioz, gure ustez galduta zegoen fauna itzuli da eta jarduera eredu balio izan du gure planetako txoko askotako hiri askotarako. Aitortzak etengabe iritsi dira. Azkena duela aste gutxi batzuk, Congreso Nacional de Medio Ambiente (CONAMA) delakoan, eraztun berdearen 25 urteak saritu baitzituen eta erreferente direla esan zuen. Gaur egun, Vitoria-Gasteiz inoiz baino berdeagoa da, eta Salburua bezalako txokoei esker da hori, erakundeei eta gasteiztarrei esker posible izan den bitxi berdea.
‘Nola aldatu garen. 25 urte bete ditu eraztun berdeak’ Vital Fundazioak sortutako erakusketa da, eta 2019ko martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai, Vital Fundazioa aretoan (Posta 13-15).
Artikulu hau ‘Salburua, ura eta bizia’ lanaren laguntzaz garatu da (ISBN: 85-95577-79-8)