Animalien duintasuna
15 urte eskasetan, Apasoso elkarteak askorentzat benetakoa dena lortu du, ez dadila animaliarik sakrifikatu gure lurraldean.
Mahatma Gandhik esan zuen gizarte baten handitasuna bere animaliak nola tratatzen dituen ikusita neur daitekeela. Bere hitzak hartzen baditugu jarraitzeko eredu, Araba harro senti daiteke. Dagoeneko urteak dira, Animaliak Babesteko Vitoria-Gasteizko Zentroak (ABZ) ez duela animaliarik hiltzen. Egunero irabazi asmorik gabe lan egiten duen elkarte bati esker lortu da helburu hori.
2004an sortua, Gasteizko ABZn jasotako animalien baldintzak hobetzeko gai zirela uste zuen pertsona talde batek bultzatuta jaio zen Apasos. 14 urte geroago eta zentroko funtzionarioekin duten lankidetza estuari esker, elkarteko ia ehun boluntarioek nabarmen hobetu dute toki horretan amaitzen duten animalien egonaldia. Ez da lan erraza izan, ahalegin handia eskatu baitu (eta eskatzen du), bai ekonomikoa, bai pertsonala. Baina, landa-lanak eta kontzientziatze-lanek, poliki-poliki, emaitzak lortu dituzte. Azken urteetako abandonatzeei buruzko datuak begiratzen baditugu, joera itxaropentsua jasotzen da. 2013an 1.652 animalia jaso zituen ABZk, eta iaz, ostera, 1.301.
Luisen iritziz, datu itxaropentsuak dira. Ekonomista erretiratu horrek ia 5 urte daramatza Apasos elkartean laguntzen, gutxi gorabehera bere txakur adoptatuarekin daraman denbora. Luis izan da gure gidaria ABZn, animalien abandonoak gure inguruan duen eragina ulertzeko era ona, baita Apasos elkartearen laguntzak duen garrantzia ulertzeko ere. Txakurren bizilekua diren tokiak ikusten ekin diogu bisitaldiari. Ez ditugu ezta bost ere ikusi eta deigarri egin zaigu zenbat Pitbull arrazako txakur dagoen ABZn. Gure anfitrioiek datu esanguratsu bat eman digu: ABZko txakurren artean % 60tik gora dira arraza horretakoak edo antzeko arrazatakoak. Arriskutsuak izan daitezkeen Txakurrak izenaz ezagutzen dira eta abandonatuenak dira.
Diruditen bezain basatiak ez diren txakurrak
Nahiz eta itxura basatia izan, euren begiradek maitasun falta erakusten digute. Batzuek gizakien alderik ankerrena pairatu dute, izan ere, batzuei belarriak moztu dizkiete itxura basatiagoa emateko. Luisek Ronaldinho aurkeztu digu, oso ondo ezagutzen duen abandono kasu bat. Pitbull horrek 4 urte inguru ditu eta kumea zela abandonatu zuten bere arrebarekin batera. Emea adoptatua izan zen, baina bera etxe baten zain dago oraindik ere. Ronaldinhok ez du ezagutu ABZn duen tokiko lau hormak beste etxerik.
Oinez jarraitu eta Pitbull kopuruak gora egin du. Luis ere harrituta dago, egun batzuk dira etorri ez dela eta dirudienez, aipatu digun % 60 hori txiki geratu da. Euskadin erroldatutako txakurren zein ehuneko den mota horretakoa dakien galdetu diogu eta % 5 inguru dela arriskutsua izan daitekeen arrazakoa esan digu.
Gu aurretik igaro ahala zaunka egiten dute txakurrek, baina dagoeneko ez zaizkigu zaunka oldarkorrak iruditzen, gure arreta eskatzekoak baizik. Lasaitzen direnean, burdin hesi osteko begiradak bihotzeraino iristen zaizkigu. Laster etorriko da Apasos taldeko boluntarioren bat ibilalditxo bat egin dezaten. 100 boluntario inguru dira elkartean eta txakur guztiek goizero eta arratsaldero askatasun tarte bat izan dezatela ziurtatzen dute. Eta hori guztia dohainik, animaliekiko maitasunak bultzatuta gogorarazi digu Luisek.
Atsedena hartu eta zera galdetu diogu: Nola da posible hau guztia? Luisek erantzun zabala bezain argia eman digu. Apasos bere boluntarioei esker existitzen da, baina baita dituen 350etik gora bazkide babesleei esker ere. Laguntza publikoek eta gure lurraldeko zenbait erakundek emandakoek, Vital Fundazioaren laguntzak esaterako, ahalbidetzen dute bere iritziz zero hiketa bezalako miraria. Urtero, Apasos elkarteak egutegia jartzen du salgai, bere jardueraren gastuak ordaintzen laguntzeko. Elkarteak bere gain hartzen ditu urtero, milaka eta milaka euroko gastuak albaitaritan, ABZn sartzen den edozein animaliak bizitza duina izan dezan, bere helburu nagusia lortu arte: etxebizitza lortzea. Apasos elkarteak antzutzeak ere ordaintzen ditu, bai txakurrenak, bai katuenak, abandonatuak izan daitezela ekiditeko.
2018ko datuek batutako 850 txakurri buruz hitz egiten dute, eta horietatik 346 adoptatuak izan dira dagoeneko. Beste batzuek abegi-etxeetan hartzen dute atseden, beste zutabe bat eurentzat.
Historia zoriontsu bat
Gure bisitaldia bukatzear dago. Abiapuntura itzuli gara, eta han ezusteko mingots xamarra dugu zain. ABZren bulegoetako sarreran lotuta marroi koloreko ehiza-txakur ederra aurkitu dugu eta oso urduri dago. Luisek dio berak sarri bizi izan duen egoera baten aurrean izan gaitezkeela: animalia baten abandonoa. Bere jabeek paperak egin eta beste ate batetik irteten dira; txakurra, bien bitartean, bertan geratuko da eta hainbat egun emango ditu tristurak jota.
Horrelakoak entzutean, korapiloa egiten zaizu eztarrian. Errukiak edo batek daki zerk, animalia gaixo horrengana bultzatzen zaitu. Hurbildu egin gara eta laztanduz lasaitzen saiatu gara, eta zertxobait lasaitu da, baina ez da atsekabea gainditzeko nahikoa. Ramonek, ABZko langileetako batek poztasuna eman digu. Animalia eder hori galduta zegoen eta laster elkartu behar zuen bere jabearekin. Guztiok, Luisek ere bai, lasaitasun ederra hartu dugu berri hori entzutean.
ABZtik harago
Apasos elkartearen lan guztia ez da Armentiako zentroan huts-hutsean ardazten. Azaldu dugunez, Apasos taldeak badu abegi-etxe sarea, zainketa bereziak behar dituzten animaliei laguntza emateko helburuz. Esate baterako, kume jaioberriak edo ebakuntza egin berri duten helduak, animaliak une berezi horietan behar duen berotasuna eskaintzen dute etxe horiek. Itxaropen izpi bat ere badira animalia askorentzat, Rockiren kasuan esaterako, 2014tik ari da etxe finko baten bila eta. ABZn bi urte eta erdi eman ondoren, txakur horrek badu abegi-etxea. Bien bitartean, Lina, bere kaiola kidea, gauza beraren bila ari da 2014ko uztailetik.
Azken urteetan, Apasos-eko boluntarioek jarduera bi burutzen laguntzen du, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearekin elkarlanean. Autonomia Pertsonaleko Zentroko okupazio-terapeutaren dei baten ondoren, hizketaldi bat izan zuten eta Apasos eta ABZk maskoten bidezko laguntza programa abiarazi zuten. Hamabostean behin, boluntarioak eta txakur talde bat APZra hurbiltzen dira, animaliek eta zentro horretako erabiltzaileek (mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonak) elkarri maitasuna eman diezaioten.
Antzeko zerbait gertatzen da aldizka Txagorritxuko zahar-egoitzan. Erakunde horretan ere hizketaldi baten ondoren jarduera berri hori antolatu zuten. Astelehenero, zenbait boluntario, gutxienez bi eta gehienez bost, egoitzara joaten dira, ordubeteko saioa egiteko helburuz. 60 minutu horietan, egoiliarrek eta maskotek duten onena eten diote elkarri. Gizakien eta animalien bihotzak asetzen dituen ordubete. Jarduera xume horretan, boluntarioak maskoten laguntzaile dira eta irabazi asmorik gabeko jarduera da, baina emaitza oso positiboak lortzen ditu guztientzat.
Arrakasta prestakuntzan ere badago. Apasos elkarteak prestakuntza saioak ematen ditu hainbat ikastetxetan, gizarte arabarraren etorkizuna animaliekiko errespetuaren garrantziaz kontzientzia dadin. Ahaztu ezin ditugun beste zenbait ekimen ere burutzen dituzte, hala nola pasarelak, adopzio ekitaldiak edo beste erakunde batzuekiko elkarlana, Maskota-gunearena, esate baterako. Gutxiago ezagutzen diren beste ekimen batzuk ere badaude, judizialak kasu. Elkarteak arlo guztietatik borrokatzen du bidegabekeriaren aurka, hau da animaliari laguntza emanez ABZn sartzen denean, baina animalien osasunaren aurkako delituak egiten dituztenak salatuz ere bai. Agian, ez da izango jarduera politenetako bat, baina beharrezkoa deritzogu.
Gakoa: adoptatzea
Utzi dugun lekura itzuli gara. Ia eguerdia da eta ABZren irteeran gaude, bisitaldian gure anfitrioia izan den lagunari agur esateko zorian. Artikuluari amaiera emateko aholku bat eman diezagula eskatu diogu Luisi. Adopzioak duen garrantzia azpimarratu dezagula eskatu digu, gure lurraldeak zero hilketaz harro sentitzen jarrai dezan. Maskota bat erosi baino lehen, Apasos elkartearekin hitz egin dezagula, euren webgunea ikus dezagula edo ABZren instalazioetatik buelta bat egin dezagula. Aurrera egin baino lehen, balioetsi dezagun beste izaki bizidun bat gure familiaren kide izateak dakarren erantzukizuna.
Joan baino lehen argazki bat egin nahi dugu. Berriz ere topo egin dugu Ramonekin, ABZko langilearekin. Orain, Arabako herri batean jaso zuen txakur eder batekin dator. Ea argazki batzuk egiten utziko digun galdetu diogu eta berarekin joateko eskatu digu. Luisi eta biei oso noblea den txakur itsu batekin egin diegu argazkia. Argazki hori, zirkulu hai ixten duena, erakunde biren arteko koordinazioaren beharrizanaren adibide da, elkarrekin mirari txiki bat egiten baitute animalientzat.
Elkarri bostekoa eman eta agur esan diogu Luisi. Erredakziora itzuli gara eta bere kide Yolandari esker, duela egun batzuk Apasos elkarteari buruz eratu genuen iritzia indartu egin dugu. Eurek eta gainerako elkartekideek egiten duten lana inork egingo ez balu, gure ingurua okerragoa litzateke. Animaliekiko errespetua eta horren gaineko kontzientziatzea gure gizartean aspaldi errotu zen. Gaur egun, gure maskotak zaindu eta babesten ditugu, gure familiakoak direla kontuan izanda. Adeitsuagoak gara haiekin, eta hein batean, Apasos elkarteko jendeari esker da, euren denbora partekatzen baitute, Araba oasia izan dadin animaliekiko errespetuari dagokionez.