Agatha Ruiz de la Prada: Jendea gogoa galtzen ari da, eta erakusketa hau gogorik ezaren aurkakoa da: biziberritzeko erakusketa
Duela gutxi, Vital Fundazioa erakusketa-zentroak Agatha Ruiz de la Prada diseinatzailearen erakusketa bat estreinatu zuen, bere lan-ibilbidearen 40 urteen errepasoa egiteko. Berarekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta bere lanei eta arteari buruz duen ikuspegia helarazi zigun.
Aurkeztu dugun erakusketa zure ibilbide artistikoko lanik adierazgarrienen atzera begirako oso bitalista da. Nola sentitu zara bertatik paseatzean?
Eskertzekoa da Vital Fundazioaren lana, zuk diozun bezala, oso erakusketa bitalista delako. Gainera, dena bertan behera geratu den urte honetan (San Ferminak, Sevillako azoka, Aste Santua…), norbaitek hau esatea: goazen aurrera, eta horrelako katalogo garrantzitsu batekin, oso hunkigarria eta eskertzekoa, benetan. Uste dut oso gogo handiz egin dutela erakusketa hau, nabaritzen delako: dena kolorez margotu dutelako, jantzien bila joan zireneko ilusioa, jantziak nola prestatu dituzten… Beraz, oso eskertuta eta oso pozik nago. Niretzat oso garrantzitsua da Gasteizen izatea, Espainiako eta Europako hiririk ekologistena delako ospea duelako. Ni ekologiak beti liluratu nau; orduan, jendeari hainbeste gustatzen bazaio, ziur nago nire mezua ere gustatzen zaiela, beti egon baita ekologiari oso lotuta.
Erakusketa hau Vitoria-Gasteiz hirirako baino ez da egin. Konta iezaguzu zer aurkituko dugun bertan eta ea pieza jakinen bati maitasun berezia diozun.
Atzera begirako erakusketa asko egin ditut, eta denak maite ditut; baina, noski, hau bezalakorik ez. Honek gauza ezberdin asko ditu, zorua, laminak adibidez. Jantzi hauek oso erakusketa gutxitan egon dira; batzuk, honetan baino ez. Kolorearen gaia, hormetan, energia txute positibo bat da ikusten duen ororentzat, hau da, urte honek behar duena, hain zuzen ere.
Kolore zitrikoen, freskoen… aitzindaria zara. Zer eman diezaguke hain zure den kolorearen psikologia horrek une honetan?
Nik uste dut kolorea oso ona dela tristuraren aurka, gogorik ezaren aurka. Energia positiboa inoiz baino gehiago behar den unea da. Pandemiaren hasierako garaian, harrituta geratu ginen denok. Nik, behintzat. Handik bi hilabetera, etxetik irteten uztea besterik ez genuen amesten. Gogotsu irten ginen ekainean – udan -; ni, berriz, arduraz, beldurrez, kontuz, baina oso pozik. Gaixotasunaren azken olatu horiek asko aspertzen gaituzte, jendea gogogabetzen ari da. Erakusketa hau gogorik ezaren aurkakoa da: biziberritzeko erakusketa.
Agatha unibertsoan pentsatzen dugunean, beti etortzen zaizkigu burura bihotzak, naturako elementuak, ilargia, ostadarra, fuksia kolorea… Zergatik elementu eta kolore horiek? Zer iradokitzen dizute?
Nik beti izan dut inspirazioa kolorean, eta inoiz ez kolore ilunetan. Kolorea argiaren antzekoa dela uste dut: etxe argitsua baduzu eta argi horrekin jaikitzen bazara, zoriontsuago zaude; automatikoa da. Beltzez janzteak asko gogorarazten dizkit hiletak eta heriotza; beldur handia ematen dit hiltzeak, betidanik. Beraz, hau guztia horretatik ihes egitea da.
Eta naturarekin duzun lotura?
Etxera bidali gintuztenean, herrira joateko zortea izan nuen. Izan ere, une horretan pentsatzen duzu: zu zure etxera joan zaitezke, baina nor arduratuko da natura eta animaliak babesteaz, ez baitakite zer gertatzen ari den? Bi hilabete inguru eman nituen nire txakurrekin, zaldiekin, oiloekin, … eta gozamena izan zen. Gainera, aurten udaberri izugarri polita izan da…Euria ari zuen, egunean-egunean irtetea… Nik hori ezin nuen inoiz ikusi. Beti pentsatu izan dut natura zela guztiaren oinarria, eta orain ere horixe pentsatzen dut. Hemen oso babestuta daukazue, eta zuekin bat nator errespetu horretan.
Argi dago natura oso presente dagoela zure artean. Arteaz ari garela, esan duzu gehiago izan direla intelektualak zure obraren alde egin dutenak, eta gutxiago modaren mundua.
Intelektualak eta artistak. Artistek eta intelektualek beti ulertu naute lehenengoan. Modaren munduak, ez; beti esan du honek ez zuela horrela izan behar.
Zer da zuretzat artea eta zein da artistaren eginkizuna?
Niretzat, artea funtsezkoa da, bizitzeko behar dudan gasolina bezalakoa delako. Gogoratzen naiz behin hegazkinez libururik gabe joan nintzela, eta atakea izateko zorian izan nintzen. Batzuetan hegazkinez joan izan naiz, Madrildik New Yorkera gizon baten alboan eserita, adibidez, eta tipoa libururik gabe zihoan, eta nik diot: nola izan daiteke hain animalia? Izan ere, nik, irakurtzen ez badut ere, nire liburua ez badut, erokeria-atakea izan dezaket.
Eta zure obran, zer nabarmenduko zenuke zure artista-roletik, hain zuzen ere artista ez zarela “leporatzen” dizun modako jende horren aurrean?
Niri gustatzen zaidana da pentsatzea ia mundu guztiak izan duela nire zerbait: galtzerdiak, toalla bat, baselina, lurrina, koadernoa edo boligrafo bat. Uste dut Espainian oso etxe gutxik ez dutela nire ezer izan azken 40 urteotan. Eta hori bera herrialde askotan gertatzen zait; orduan, oso zirraragarria da. Gogoan dut behin Kolonbian nengoela, eta gizon bat alkategai aurkeztu zela, eta esan zidala: “lagun iezadazu, auzo oso pobrera joango gara, han, josten duten andre batzuk daude-eta”. Auzora iristearekin batera denek zeukaten nire zerbait, leihoetatik ateratzen zuten, eta nik pentsatzen nuen: “hau zoriontasuna”. Hori bai ikaragarria. Zenbat haur “agathizatu” izan diren.
Jakina, mundu erabat berezia sortzen jakin duzu, oso bitxia, eta nortasun propioa, “agathizatua”, hain zuzen ere. Zein izan dira 40 urteko ibilbidean paregabea izateko eta zure buruari leial eusteko gakoak?
Nire nortasunaren parte dela uste dut: ni beti jaikitzen naiz pozik. Zeren beste batek esan baitezake: “erabat aspergarria da lan hau egitea”. Baina ni beti nago gogotsu, oso motibatuta; eta horregatik ematen dit motibazio hain handia Gasteizen izateak.
Gainera, alderdi sortzailea ez ezik, enpresa-arloa ere baduzu: enporio bat antolatu duzu, zeuk kudeatzen dituzu zure marka eta zure sinadura, eta hori ere miresgarria da. Zer esango zenioke hasten ari den norbaiti?
Honetan hasten ari bazara, politena da oso gogoko izan dezazula, egun txarrak eta egun onak daudelako, baina, gogoko baduzu, ondo eramango dituzu. Gustuko ez baduzu, ordea, jai duzu.
Amaitzeko, zer mezu helarazi nahi diguzu erakusketa honetan?
Nik uste dut hemen mezu subliminal bat dagoela: zu hona iritsi eta hiru minututan bazoaz, dena primeran ulertuko duzu, jantzi guzti-guztietan, hormetan, zoruetan, bideoetan ikusten den lengoaia delako… Gainera, modaren alde ona da mezu unibertsala dela: erakusketa hau, hemen egin beharrean, Txinako hiri batean egingo bagenu, berdin ulertuko lukete.
‘Agatha ‘erakusketa 2021eko apirilaren 11ra arte egongo da ikusgai Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan (Posta kalea 13 eta 15).
Informazio gehiago nahi izanez gero, https://www.fundacionvital.eus/exposicion-agatha webgunera jo dezakezu.