Emakumezkoen kirola? Bai, nahi dut
Kirola gizarte modernoaren zutabe nagusietako bat da. Hala ere, desberdintasunaren arazoa hor dago. Emakumezkoen kirola Araban dugu mintzagai eta berdintasuna nola bilatu.
Andre Maria Birjinaren Jaiotzaren hurrengo astelehena oso berezia da Vitoria-Gasteizen. Duela mende luzetik hona, erromeria egiten da Olarizuko landetan. Egun hori ikasturtearen hasierarekin bat ere etortzen da. Goizean ikasgelak estreinatzen dira eta arratsaldean jai giro onaz gozatzen dugu. Aurten ere beste hainbeste egin zen, eta eguraldi onari esker, Olarizu jendez bete zen. Handik ez oso urrun, neska gazte talde handi xamar batek egun hori beste era batera bizitzea erabaki zuen. Txapelketa batzuetan lehiatzea nahiago izan zuten, helburu bati jarraiki: Emakumezkoen kirola ikusaraztea gure lurraldean.
Hilabete batzuk atzera egingo dugu egutegian, udaberrira iritsi arte. Kordoi Etxean, Vital Fundazioak Bai, nahi dut izeneko proiektua aurkeztu zuen. Helburua? Araban emakumezkoen kirola sustatzea hurrengo 5 urteetan. Neskak kirol arloan ahaldundu daitezen laguntzea du helburu programa horrek, eta berdintasuna bultzatzea ere bai, baita emakume oinarri bat eratzea kirola egiteari eta kudeatzeari dagokionez.
Historia
Emakumezkoen kirola Araban, gure inguruko beste leku askotan bizi denaren antzekoa da. Emakumeen parte hartzea, oraindik ere, eskasa da eta zenbait kirol zehatzetara mugatzen dela esan daiteke. Gure neskek, oraindik ere, igeriketa, gimnasia edo dantza dituzte erreferentziazko jarduera fisikoak. Beste kirol batzuetara begiratuz gero, errealitate gordinarekin egingo dugu topo. Futbolean, emakumeak eragin murritza izaten jarraitzen du. Gutxi dira emakumezkoen behe mailetako kategorietan azpiegitura duten klubak, eta emakume entrenatzaile kopurua oso txikia da. Saskibaloian egoera desberdin xamarra ikus dezakegu. Parte hartzea azpimarragarria da emakumezkoen zenbait klubaren tradizioari esker, badira zenbait hamarkada lehian ari direla, baita estatuko goi mailako kategorian ere. Hala ere, proiekzio faltaren eraginez, saskibaloian ari diren gure neska gazte askok utzi egiten diote gazteen kategorietan.
Emakumezkoen kirolak Araban beti eman dizkigu poz handiak, bereziki XX. mendearen amaieratik. Seulgo Joko Olinpikoetan, gure lurraldeko atleta bi lehiatu ziren eta historia ere egin zuten. Blanca Lacambra eta Maite Zuñiga bikain aritu ziren, eta historia egin zuten, Zuñiga atletismo final batean parte hartu zuen Espainiako lehenengo emakumea izan zelako, eta beste joko bitan lehiatzera iritsi zen baita diploma olinpiko bana irabazi ere. Ezin ahaztu dezakegu Almudena Cid, finalera lau Joko Olinpikotan iritsi den gimnasta bakarra. Diploma olinpiko bi irabazi zituen Almudenak, eta gure lurraldeko kirolaren erreferente garrantzitsua izan da, da eta izango da.
Emakumezkoen kirolak Araban beti eman dizkigu poz handiak, bereziki XX. mendearen amaieratik.
Aipamen berezia Lorena Gurendez, Estibaliz Martínez eta Tania Lamarca-rentzat, Atlanta 1996ko podium altuena lortu zuten ‘urrezko neska’ haiek. Maider Unda eta Eli Pinedo ere aipatu behar dira, Londres 2012tik brontzezko domina ondo mereziaz itzuli ziren eta. Eta ez ditzagun ahaztu Rita Oraá, Izaskun Manrique edo Izaskun Bengoa, ondo baitakite zer den domina bat lortzeko borrokatzea.
Oraina
Laurak jota, ehun bat neska hasi dira lehiatzen futbol, badminton eta pilota txapelketetan. Ez jaiegunak, ez beroak, ez dituzte atzera bota eta hiru ordu eman dituzte kirol giro bikainaz gozatzen. Ez da Bai, Nahi Dut proiektuaren lehenengo jarduera. Ospatu dira dagoeneko hiru kirol-jardunaldi 2018an zehar, Fundazio Estadioan egin zen aurkezpen txapelketa batetik hasita, eta gero, oso jendetsua izan zen 3×3 futbol eta saskibaloi txapelketa Espainiako plazan. Horri zenbait futbolari arabarrek probintziako ikastetxeetatik eman dituzten maisu klaseak gehitu behar zaizkie.
Lehenengo urtean futbolean eta saskibaloian ardaztuta, proiektuak hazten jarraitu nahi du hurrengo urteetan. Beste kirol minoritario batzuk ere ikusarazi ditu, komunikazio arloan nahiz Vital Egunean burutu zen emakumezkoen kirolaren jardunaldian. Jarduera horiek guztiek ikusarazi dute emakumea Arabako kirolean, eta aldi berean, emakume horiek kirolean duten inplikazioa egiaztatzeko ere baliagarriak izan dira.
Etorkizuna
Argi dago etorkizuna ez dagoela idatzita, baina iragarpenak positiboak dira berdintasunari dagokionez. Astiro-astiro kirola egiten duten nesken kopurua gorantz doa, eta egia esan, oraindik ez dago klub azpiegitura handia, baina oinarriak etorkizun handikoak dira. Emakumezkoen kirolak Araban osasun ona du eta astiro-astiro hazten ari da. Ziur asko poz ugari ekarriko dizkiguten kirolariak antzematen dira, baina hori errealitate izan dadin, lan egin behar dugu, kirola berdintasun eremua izan dadin. Gure gizartea berdintasunerantz dora dagoeneko, eta hori lehenago edo beranduago kirolean islatuko da. Hori gertatu arte, bai, nahi Dut bezalako programak oso baliagarriak izango dira, bereziki gure lurraldean.
Jarrai dezagun berdintasunaren alde lanean.