Galdetu al diozu noizbait zeure buruari zer ezkutatzen ote duen barruan kristalezko kutxa erraldoi honek?
Betoñuko atetik ibili ohi bazara, Gasteizen, ziur asko antzinako eraikina ikusi duzu, beirazko kutxa erraldoi batean sartuta.
Badakizu zer dagoen barruan?
Mendeetako jakinduria gordetzen da, lur azpian, Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan (300.000 artxibo baino gehiago, XVII. mendetik XXI. mendera).
Leku horretara hurbiltzea zeure burua iragan urruneko elkarbizitzara eta orain aldi teknologikoenera irekitzea da.
Gurekin sartzera ausartzen zara?
Gasteizko gune industrializatu zaharrenean, Karmeldarren komentua eraiki zen XX. mendearen hasieran, eta estilo neogotikoko hilerria zuen erantsita. Hileri horretan eraiki zen Sancho el Sabio Fundazioaren egoitza 2009. urtean.
2590 metro koadro, solairu bitan banatuak. Jesús Zubiaga zuzendaria eta Charo Martínez nagusi teknikoaren eskutik ezagutuko ditugu solairu bi horiek.
“Hemendik igarotzen den jendea paseoan joaten da Salburua parkerantz. Autoz ere bai, industria-gunerantz. Jendearekin hitz egiten duzunean, denek ikusi gaituzte. Kristalezko kutxa hori…, diote. Baina ez dira gelditzen”, azaldu digu Jesús Zubiaga Valdivielsok, fundazioaren zuzendari denak duela 20 urtetik hona.
Beirazko kutxa hori da klaustro neogotikoa inguratzen duena, eta han dago kokatuta Sancho el Sabio. Beheko solairura argia filtratzeko balio du eta solairu horretan daude lan-aretoak nahiz ikerlarientzako kontsulta-gunea.
Noizbait pasatu zaizu burutik hilerri batera joatea irakurtzera?
Bakerik ez zaizu faltako, behintzat, irakurketan murgil zaitezen …
Sancho el Sabio Fundazioan euskal kulturarekin zerikusia duen edozein dokumentu kontsulta dezakezu, Betoñuko Karmeldar Oinutsen komentuko hilerria izan zen tokian.
Ateak guztiontzat daude irekita. Nahiz eta normalean “Unibertsitateko jendea edo bertako erudituak” etortzen diren. Baina, akademikoa ez den jendeak ere bisitatzen gaitu. Adibidez, une hauetan nahiko jende hurbiltzen zaigu Alavesen historia bat egiten saiatzeko. Berriak bilatzen dituzte, foiletoak…”, azaldu du Zubiagak.
Zubiagak argi du bere lana ez dela fundazioa jendez betetzea, are gehiago gaur egun edonork kontsulta dezakeenean Internetez dokumentazio ia gehiena. Baina, nahi duenak bisita ditzake eta bildumaz gozatu, baita klaustroan egiten dituzten erakusketez ere.
Errealitatean, Sancho el Sabio gordailu bat da, ondare zentro bat, lur azpian 300.000tik gora dokumentu gordetzen dituena, 1.964tik bildutakoak, Antonio Odriozolaren liburutegiaren erosketarekin (XVIII. mendetik datozen monografiak ditu) eta geroxeago Deogracias Estavillo-ren liburutegiarekin. “Egia esan, euskal kulturari dagokionez, ez dago parekorik, Eusko Jaurlaritzak ez baitu euskal liburutegi bat. Gizarte bat zer den islatzen dugu, eta kultura mailan ekoiztu duen guztia hemen dago”, dio Jesús Zubiagak. Gasteiz hazten hasi zen eta 20 urtetan hirukoiztu egin zen populazioa; % 300eko immigrazioa izatera iritsi zen. Garai hartako agintariek pentsatu zuten bizitzera hona zetozenek bertako kultura ezagutzeko jakinmina izango zutela.
Hazteko lekua Interneten
Sancho el Sabio Fundazioaren egoitzan kontsulta daitekeen guztia etxetik ere kontsulta daiteke, Interneti esker. Kasu batzuetan dokumentu osoa ikus daiteke digitalizatuta dagoelako eta beste zenbait kasutan originala eskatu behar da fundazioaren egoitzan.
Etorkizunean, helburua liburu digitalak mailegatu ahal izatea da. “Eusko Jaurlaritzarekin Euskal Liburutegi Digitala egingo dugu, XX. eta XXI. mendeetako liburu elektronikoak egiteko, hori baita digitalizatu barik duguna, ezin delako egile eskubideak direla eta. Guretzat horrek esan nahi du liburu digitala mailegatu ahal izango dugula”, adierazi du Zubiaga zuzendariak.
Fundazioaren zuzendariak argi du “gure hazkunde gunea Internet dela. Guk ditugun liburuekin ez ezik, digitalizatuta dituzten beste zentro batzuek dituztenekin ere bai, atxikitzen saiatzen ari gara eta Sancho el Sabiotik ikus dadila”.
Familia, tokiko gizartearen isla den aldetik
Rafak, Sancho el Sabio Fundazioaren paleografoak, urte 2 daramatza Bergara inguruko Yrizar familiaren artxibategia ikertzen. 9.000 dokumentu inguru. Eta oraindik ez da erdira iritsi. “Egun oso bat eman dezakezu folio bat irakurtzeko”, azaldu digu.
Bere eskuetara iristen diren familia-artxibo gehienak dira interesgarriak.
Esate baterako, orain esku artean duen lanean XIV. Mendetik gaur egun arte iristen diren dokumentuak daude. “Inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun”, esan digu.
- urteko dibortzio demanda bat ere aurkitu du, emakume batek aurkeztua. Gainera, familia artxiboak gurutzatu egiten dira elkarren artean. “Denak denekin ezkontzen dira”, adierazi digu Jesús Zubiaga zuzendariak.
Rafak azaldu digunez, artxibo berri bat iristen zaionean, edozein dokumentutatik hasten da hari-mataza askatzen. Zubiagaren hitzetan” ahokatzen doazen lego piezak bezalakoak dira. Izan ere, lan-metodoa aldatu egin da urteen joanean. Lehen artxiboa ordenatu eta katalogatu egiten zen lehendabizi, eta urtebete baino luzeago jo zezakeen. Gaur egun, teknologia berriei esker eta programa informatiko baten laguntzaz, denbora nahikotxo murriztu da.
Normalean, familia-artxiboetan, ondasunak agertzen dira, kokapen sozialaren eta abizenaren erakusgarriak. Eta gero, familiaren arabera, kargu publikoak betetzen zituzten, beraz, eskualdeko historiari buruzko dokumentazioa agertzen da, tokiko historiaren osagarri.
Adibidez, Rafak esan digunez, “Yrizar edo Ampueroko artxibategian dokumentazio oso ugari dago Bilboko hirigintzari buruz, hala nola Bilboko Loruri auzoaren eraikuntza plano guztiak, Artxandako funikularrarenak, Plaza Berrikoak”.
Baina, gutun pertsonalak ere badaude, eta neba-arrebek “usted” trataeraz eta errespetu handiz hitz egiten diote elkarri. “nahiz eta kontu pertsonalak izan, beraientzat zentzua dute, baina niretzat, batere ez edo zentzu erlatiboa. Edozein kasutan, beti duzu nolabaiteko distantzia”, azaldu digu Rafak.
Fundazioaren bitxiak
Azkenean iritsi gara artxibategiko gordailuetara, azalera osoaren ia % 50 betetzen dute.
Eta sartu bezain laster, ikusi dugun lehendabizikoa mantenu baldintza bereziak dituen areto bat izan da, 18 gradutan eta % 30eko hezetasuna. Charo Martínez Díaz de Zugazúa, Fundazioaren nagusi teknikoak, gela berezi hori material hauskorrena gordetzeko eraiki zela kontatu digu, hau da fondo digital guztirako (CD-ROM, disko gogorrak, filmak, mikrofilma, e.a.).
Baina onena iristear dago. Martínezek Orteliusen 112 mapaz osatutako bilduma erakutsi digu, “Anberesko kartografo bat, XVI. mendean mundu ezaguna mapeatu zuena Theatrum Orbis Terrarum bere lanean (lehenengo atlas modernoa izan zela diote). Material horren balioa izugarria da, parerik gabeko bilduma da. Dena eskuz egina eta koloreztatua. Espainian 2 edo 3 besterik ez daude, baina gure nahia material hori ezagutaraztea da eta horregatik dago digitalizatuta, nahi duen jende orok ikus dezan”.
Ikusgarria.
Gordailu itzel honetan denetarik aurki daiteke, XVI. mendeko dokumentuak nahiz Aretxabaletako gizon baten zuhaitz genealogikoa, bere familiako belaunaldiak jaso dituena eta Fundazioan gordailutu nahi izan duena.
Honelakoak ere aurki daitezke:
- Burgo de Osmako bula bat den inkunable bat, 1497an Iruñean inprimatua.
- Euskaraz dauden sermoi bilduma duen eskuizkribua.
- Euskaraz idatzitako XIX. mendeko errezeta liburua (1889ko 1. lan anonimoa).
- Policarpo Balzolaren eskuizkribu bat (kalkulagailuaren asmatzailea XIX. mendearen erdialdera).
- Euskarara itzuli zen fisikako lehenengo liburua, Gabriel Jaúreguik egina.
- Nafarroako erresumako foru orokor bat, Errege Gortearena, 1595ko data duena.
Apalategi lerro ugarietan 90000 argazki baino gehiago ikus dezakegu, gutunazaletan gordeta, egunkariak, burtsa eta ekonomia buletinak, akzioak, argitalpen erlijiosoak, parrokia orriak, aldizkari zientifikoak, elkarteenak, haur literatura, pegatinak, postalak, fakturak, kartelak eta foiletoak, Gabonetako zorion-txartelak, e.a.
“Horrek guztiak eratzen du euskal kultura, ezin daiteke ezein dokumentu baztertu eta zerbitzua eman behar da”, dio Charok.