Gaztaroko mamu gozoa / Dulce monstruo de juventud
Alberto García-Alix argazkilariari lagundu genion, bere erakusketara egin zuen bisitaldi batean. Argazki errepikaezinez eta (hitzez hitz) bakarrez osatutako hautaketa. Oroitzapen zaharrei buruz hitz egin zigun, bere argazki handiei buruz eta bere motor-aldizkariari buruz.
Osteguna, 2018ko uztailaren 5a, arratsaldeko zazpiak eta laurden. Vital Fundazioa Aretoaren atean gaude, La Milla 13 taldea musika-tresnak afinatzen ari da. Euren eszenatokia lur-arrasean montatzen ari diren bitartean, Alberto García-Alix hurbildu da, eurengana hurbildu eta agurtu egin ditu. Elkarren lagunak direnek agindutako besarkadak eta oroitzapenak partekatu dituzte. Solasaldi laburraren ostean, Alberto ‘Gaztaroko mamu gozoa / Dulce Monstruo de Juventud’ erakusketara doazen eskaileretara abiatu da, bere lanaren hautaketa pertsonala bildu duen erakusketa, hain zuzen ere. Aretoko arduradunak agurtu eta bera bakarrik areto batera sartu da, bere autoerretratu baten begirada pean.
Pablo Sycet-ekin dator, pintorea eta bere laguna, erakusketaren komisarioa izateaz gain. “Ez dut gogoko hitz hori. Gizatiarragoa den beste bat bilatzen hasi beharko genuke” aitortu digu. Erlojuari begiratu dio, 5 minutu luzetxo falta dira zazpi eta erdiak izan daitezen. Astiro-astiro hasi dira heltzen Albertok emango digun bisitaldirako gonbidatuak. Lasai ematen du, autobusaren zain edo supermerkatuko ilaran bere txandaren zain balego bezala. Hurbiltzen zaizkionak agurtzen ari da eta zerbait galdetu edo komentatzen dionarekin hitz egiten. García-Alixek sorrarazten duen lehendabiziko sentsazioa gizon hurbilarena da eta handikerietatik urrun. Nahiz eta Espainiako argazkigintzaren erreferente handienetako baten aurrean gauden, bere presentzia atsegina da.
Elkartu gara guztiok, Albertok mikrofono txiki bat jarri du eta lehendabiziko aretoan sartzera gonbidatu gaitu. Ongietorri diskurtso hutsala eta hotza saihestu du. Zuzenean hasi da bere lanak erakusten, eta bere sekretuetako batzuk kontatzen. Lehenengo areto hori ikusten bere lanaren zutabe nagusietako batzuekin egin dugu topo, esaterako, motorrei buruzko gaiak, autoerretratuak edo inoiz edo oso gutxitan ikusten diren figura ezezagunei egindako erretratuak. Prostitutak, aktore pornoak, motoristekin edo bere autoerretratuekin batera. Areto erdian ‘Nire ni femeninoarekin’ egin dugu topo, azken urteetan gehien gogoratu den bere erretratuetako bat.
Ibili ahala, bere lan asko bere lagunen eta bere neska-lagunen ingurukoa dela ikusarazi digu Albertok. Aipamen berezia egin dio Ana Curra-ri, musa, bikotekide ohia eta bere lagun ona. ‘Gaztaroko mamu gozoa / Dulce Monstruo de Juventud’ erakusketan Madrileko Mobida mitikoaren figura giltzarrietako bat izan zenaren 5 argazki daude. Curraren omenez dagoen horma hori erakutsi ondoren, García-Alixek aurrera egin du bisitarekin. Une horretarako, dagoeneko ezagutzen dugu bere xumetasuna eta zintzotasuna. Irudi xume bat eta gutxi landua edo testuingururik gabea bere lanaren erreferente bilakatzeen denean, sorrarazten dion harridura adierazi digu. Bere irudi ikonikoetako pare batean edo hirutan egin digu iruzkin hori Albertok, eta azkenean irribarrea atera zaio. Eroso dirudi eta bere ondoan gaudenongan eragiten du horrek. Pablo Sycet-ek ere zenbait iruzkin eta ezaguera baliotsu bota ditu eta noizbehinka galderak ere egin dizkio lagunari, eskertzekoa, artista kontatzen ari zaigunaren aurrean hain liluratuta eta mutu geratu den publikoaren aurrean.
Bere lanaren atal harrigarrienetako batera iritsi gara, drogekin urte gogorrenak biltzen dituen hura. Argazkilariak sekula ez zituen bere mendekotasunak izkutatu eta, are gehiago, droga ziztatzen erretratatzeko ideia, ausardia edo balentria ere izan zuen. Urte gogorrak izan zirela egiaztatu digu Albertok, ahazten zailak diren giza-galeren urteak. Lan haietako asko, prebentzioz, suntsitu egin zirela diosku. Urte haietan, poliziarentzat, Alberto García-Alix ezagun zaharra zen, ohiko susmagarrien argazkiak izan zitzakeena. “Negatibo asko eta asko apurtu behar izan nituen. “Argazkiak oso txibatoak baitira”, esan digu. Geroago, eta mikrofono barik, Albertok zuhurtziaz suntsitu zuenarenari buruzko gutxi gorabeherako kopurua aitortu zigun. Kopuru oso handia eta aretoari begirada informalagoa egitera berarekin geratu ginenoi egileak egin zigun oparia izan zen aldetik, gordeko duguna.
Argazkiak oso txibatoak baitira
Ia ibilbidearen amaieran, Alberto nostalgikoa aurkitu dugu, bere lehenengo argazkietako batzuk erakutsi dizkigun hori. Formatu txikian, bereziak dira egilearentzat, kopia haietako batzuk originalak baitira, negatibo barik, erakusketan behin baino gehiagotan errepikatuko dena. ‘Gaztaroko mamu gozoa / Dulce Monstruo de Juventud’ erakusketako argazki gehienak garai bateko kopia originalak dira, 30 edo 40 urtetik gora dutenak, balio berezia dute, beraz.
Ibilbidea amaitu dugu eta agur hitz batzuen ostean, Alberto García-Alixek mikrofonoa kendu du eta ia-ia beste bisitaldi bati ekin dio, talde txikiagoarekin oraingoan eta hurbiltasun eta konfiantza tanta batzuk gehiago erantsita. Ahal dituen xehetasun guztiak mimatzen saiatzen dela deskubrituko dugu, lan bakoitzaren markoa aukeratzeraino. “Marko batzuk oso merkeak direlako nabarmentzen dira. Lehenengo urteetakoak dira, atal horretarako aurrekontu askorik ez genuenekoak” aitortu digu barre-algara egin baino lehen. Aho bete hortz utzi gaituzten aitorpenak, intimitateak, eta bere lan batzuetako ikuspegi bereziak eta sekretuak oparitu dizkigu. Bere etxeko argazki batek bereziki erakartzen duela nabaritu dugu; argazkian planoak, Keith Haring-en liburu bat edo gainean motorrerako antzinako kasko bat duen bere aitarena zen basurde-buru bat ikusten dira. Noizbait bere neska-lagunari utzi zion kaskoa eta neskak nonbait ahaztuta utzi zuena. Ez dago erresuminik bere hitzetan, baina pieza vintage haren falta duela nabaritzen zaio.
Erakusketara etorri diren bisitari ofizial batzuetakoak sartu dira eta pertsona ospetsu batekin topo egin duenaren aurpegia dute. Bi edo hiru lagun García-Alixen atzetik goaz. Horien artean Rocío López dago, Vitoria-Gasteizen bizi den argazkilaria eta Albertorekin zuri-beltzeko eta motorren argazkiekiko zaletasuna partekatzen duena. ‘Bikers’ (Tripulación, 1993) edizio bat erakutsi dio, García-Alixen beraren lana. “Opari ona egin zizuten” iradoki dio argazkilariak. Horren harira, motoziklismoarekiko duen grinaz sakon hitz egin dugu, txikitatik bere bizitzan izan den zaletasuna. Bere azken zorakeria Motorcycle Family Circus aldizkaria sortzea izan zen, Cabeza de Chorlito argitaletxeak argitaratzen duena, Fréderique Bangerter-ekin batera sortu zuen argitaletxeak, hain zuzen ere. Solasaldiak aurrera egin ahala, motoziklismoaz erabat maiteminduta dagoen Alberto deskubritu dugu.
Gaueko bederatziak jota dira eta ahots batek ixteko ordua dela diosku. Aretoa uzten ari da eta argiak amatatzen doaz, baina lehenago Albertori agur esan diogu, eta argazki baterako paratu da, opari bat guretzat. Ez digu trabarik jarri eta argazkia non nahi dugun galdetu digu. ‘Elena, bere botak erakusten ari den emakumea’ lanaren aurrera eraman dugu. Kopia originalaren alboan, bi metro luze baino gehiago dituen neurri erraldoiko beste bat dago. Elenak gerruntze bat eta aipatutako botak baino ez ditu soinean. Ezer esan barik, dena dioen argazkia da. Bere lanaren aurrean kokatu dugu egilea eta isilik begiratu dio. Klik, badugu nahi genuen argazkia. Eskertu egin diogu, bihotzetik atera zaizkigun mirespen hitzak ahaztu barik. Eskertu egin digu eta bostekoa luzatu digu. Aretotik irtetean, Albertok afaldu eta hotelerantz joango da. Hurrengo egunean, Madrilera itzuliko da motorrez; nola, motorrez ez bada, ezta? Arratsalde ahaztezina izan da.
‘Gaztaroko mamu gozoa / Dulce Monstruo de Juventud’ erakusketan Alberto García-Alixen ehun bat argazki bildu dira. Erakusketa hori ikusgai egongo da Vital Fundazioa aretoan , 2018ko irailaren 23ra arte.