Agatha

Artea al da moda? Eta diseinu industriala? Sortzen ditugun muga batzuk nabarmen lausotzen dira haietara hurbildu ahala. RAEren hiztegia irekitzen badugu, definizio hau aurkituko dugu: “Giza jardueraren adierazpena, erreala dena interpretatzeko edo imajinatutakoa plastika-, hizkuntza- edo soinu-baliabideen bidez irudikatzeko.” Wikipedia izeneko entziklopedia ireki horretan gauza bera egiten badugu, honako hau aurkituko dugu: “Artea, oro har, helburu estetiko eta komunikatibo bati jarraiki egindako edozein jarduera edo produktu da; jarduera edo produktu horren bidez, ideiak, emozioak eta, oro har, munduaren ikuspegi bat adierazten dira, hainbat baliabideren bitartez, hala nola plastikoak, linguistikoak, soinudunak, gorputzezkoak eta mistoak”.

Arropak klimatik babesten gaitu, baina egia da mezuak eta sentsazioak transmititzen laguntzen digula. Batzuetan, gure janzkerak talde baten barruan identifikatzen gaitu edo eskala sozialen batean kokatzen gaitu. Zenbat aldiz sailkatu dugun pertsona bat janzteko moduaren arabera, eta gehienetan asmatu ere asmatu dugu. Ez, hotzetik salbatzeko janzkera baino gehiago da arropa. 

Agatha Ruiz de la Prada pentsamendu horren defendatzaile leiala da. Diseinatzaile madrildarrak 40 urte daramatza eskultura batetik jantzi batetik baino hurbilago dauden soinekoak sortzen. Agathak estilo propioa sortzen jakin zuen, eta, azkenean, kritika eta publiko orokorra bereganatu ditu. Bere irudimena soiltasunetik eta tradizionaletik haratago doa, eta normaletik ateratzen diren formak eta tonuak egiten ditu bere. Ruiz de la Pradak marrekin, izarrekin edo bihotzekin jolasten du eta kolore biziz betetzen ditu. Bere sorkuntzak ez dira oharkabean pasatzen, baina beharrezkoa al da? 

Atzean geratu dira mobidaren urteak, non gure protagonista erreferente esanguratsua izan zen. Beno, zintzoak izateko esan beharko genuke 90eko hamarkadan eta gaur egun ere hala izan zela eta dela. Agathak milaka pertsona jantzi ditu, haur txikietatik hasi eta Miley Cyrus ezaguneraino. 

Artea al da moda? Erokeria badirudi ere, horrelako erakusketak ikusten ditugunean, ez dugu aurkitzen kontrakoa esateko arrazoirik. 

AGATHA erakusketa 2021eko apirilaren 11ra arte egongo da ikusgai Vital Fundazioa erakusketa-zentroan.

Galería

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.