Minbiziaren beste aldea

Aritz eta Rosa, gaixotasun horren karga psikologikoa zein den deskubritzeko testigantza bi

Egin dezagun, agian, inoren gustukoa izango ez den imajinazio ariketa bat. Une batez, diagnosia jasotzeko medikuaren kontsultara iritsi den pertsona baten larruan sartuko gara. Minbizi mota bat antzeman diote, edozein. Hau da zuretzako galdera: nola erantzungo zenuke zuk? Esan dizugunez, ez da ariketa atsegina izan. Litekeena da, beldurretik hasita itolarriraino sentitu izana. Baliteke shockean geratu izana, oso ohikoa baita, eta izena eta guzti du (aurrerago ezagutuko dugu).

Minbiziak karga fisikoa du, bere ondorioengatik edo tratamenduagatik, baina pisu psikologiko handia ere izan dezake. Joan den otsailaren 4an izan zen Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna eta, edizio honetan, arreta, gutxiago ezagutzen den alde horretan jartzea erabaki zuen AECC Arabak. Diagnosiak eragin diezagukeen traumari edo talkari tratamenduak dakarren zama gehitu behar diogu, ez baita izaten batere laburra denborari dagokionez. Proben arteko itxaronaldiak edo kimioterapia edo radioterapia saioek batzuetan oso astuna izan daitekeen karga mentala ekar dezakete. Hori dela eta, gizarteari minbiziaren karga psikologikoa erakutsi nahi izan dio elkarteak.

Aritzek oso ondo ezagutzen du zama hori. Hogeita hamar urte inguruko gazte horren bizitza betiko aldatu zen duela urtebete eskas. Ezkonberria, berak nahiz bere bikotekideak lan nahiko finkoa zuten. Etxe ere erosi zuten. Uztailaren 23an, inoiz entzun nahi ez den berria eman zion medikuak. Adenokartzinoma adenoide kistikoa zuen. Minbizi horrek nerbioei eragiten die eta garrantzitsua da ahalik eta lasterren kontrolatzea. Kontsultan jesarri bezain laster eman zien berria medikuak emazteari eta biei.

Espero daitekeenez, berri gogorra izan zen. Luis Amurrio, AECC Arabako talde psikologikokoak horri buruz hitz egin digu eta bata zuriaren sindromeak eragiten duen informazio osteko sindromeaz ere bai. Gure gorputzak defendatzera jotzen du, bai arlo fisikoan, bai psikologikoan. Erorketa batean babesteko eskua jartzen dugun bezala, gure burua itxi egiten da etor litekeen emozio olde baten aurrean. Egoera horietan, mediku batek minbizia duzula baieztatzen dizunean eta zein motatakoa den esaten dizunean, tratamendua, eta abar, pisu mental hain garrantzitsua duen datu-bolumen horrek gure burua erabat blokeatu dezakete. Psikologoak dioskunez, une horretan, ziur aski, pazienteari informazio egokia eman diogu, baina beste kontu bat da zer ulertu duen edo zer ulertu ahal izan duen.

Minbiziak zuzenean jotzen du pertsona bat, baina bere inguruari ere eragiten dio. Rosak egiazta dezake hori. Duela zenbat denbora, bere semeari zelula germinalen tumore bat diagnostikatu zioten. Semeak shocka izan zuen bezalaxe, berak ere jasan zuen. Aritzi begiratu diogu, Rosaren aurrez aurre jesarrita dago. Bere emazteak ere txarto pasatu duela baieztatu digu, baina egia esan bere laguntzarik onena ere bera da.

Rosari entzunez, minbiziaren alde psikologikoa ia era komunitarioan jasaten dela egiaztatu dugu. Era batera edo bestera, gure senitartekoak, bikotekideak edo lagunak duen gaixotasun hori geurea ere bada. Kudeatu behar dugun kolpe gogorra hartzen dugu. Rosa, berez, baikorra bada ere, ez dela egoera erraza izan kontatu digu, eta Minbiziaren aurkako Arabako Elkartea berarentzat nahiz semearentzat laguntza izugarria izan dela adierazi digu.

Harrigarria bada ere, norberaren onena ateratzen du

Gure protagonista biak ados daude kontu batean: minbiziaren berriak bere inguruko onena atera du. Rosak eta Aritzek euren etxekoek eta lagunek behar izan dutenean lagundu dietela ikusi dute. Bihotzez eskertzen duten jarrera. Bitxia da hainbeste beldurtzen gaituen eta karga hain negatiboa duen gaixotasun batek enpatia sortzen laguntzea. Bitxia, bai, baina positiboa.

Rosak anekdota txiki bat kontatu digu. 23 urteko bere semeak ez zuen sinisten tratamenduko lehenengo saioaren ostean, hura guztia dohainik izan zitekeela. Amak samurtasunez kontatu digu eta bihotzeraino iritsi zaigu, baina osasun-sistema baloratzeko ere balio digu. Luisek, solasaldiaren hasieratik gurekin dagoen psikologoak, baietz dio eta gure lurraldeko onkologia-taldeak egunero lan itzela egiten duela egiaztatu digu.

Minbiziaren zama psikologikoari buruz hitz egiten jarraitu dugu, hobeto ulertu nahian. Aritzek dio berak gehiago sufritu duela alderdi psikologikoan fisikoan baino. Tratamenduaren eraginez albo ondorioak izan dituen arren, bere gaixotasunak eragin zion ekaitz mentala oso indartsua izan zen eta da. Zaila da gaixotasuna onartzea, kontatu digu, batez ere gaztea zarenean. Berak inoiz ez zuen pentsatu bere adinean minbizia izango zuenik, agian, aurrerago, nagusiagoa zenean. Gaixotasun horrek adinik ez duela egiaztatu dute berak nahiz Rosak.

Gaixotasun horrek adinik ez duela egiaztatu dute berak nahiz Rosak

Deigarriak egiten diren xehetasunak daude. Zama psikologikoa egoera xumeetan ere gerta daiteke, esaterako, zenbait pertsonari berria ematean, senitarteko hurbilenei, adibidez. Batzuetan, une egokia bilatu arte esatera saihesten dugu. Rosak nahiz Aritzek, hainbat arrazoi direla medio, kontatzeko une egokia bilatzen saiatu ziren. Zehetasun txikiak dira, gaixotasunarekin harreman zuzenik edo fisikorik ez dutenak, baina irensteko une zailak dira, arrazoi batengatik edo bestearengatik.

Biak datoz bat AECC Arabak egiten duen lanari buruz hitz egiten dutenean. Rosak eta Aritzek esker ona besterik ez dute elkarteari dagokionez, minbiziaren zama psikologikoa laguntzen baitie. Luisi galdetu diogu ea gaixotasunari aurre egiteko tratamenduarekin batera beharrezkoa litzatekeen terapia psikologikoa ere eskaintzea eta gako batzuk eman dizkigu. Minbizia duten gaixo gehienek ez dute gaixotasun mentalik, hortaz, ez da beharrezkoa osasun mentalera bidaltzea, terapia paraleloa egitera. Diagnostikoak eta gaixotasunak, ordea, erantzun emozionalak eragiten dituzte, antsietatea eta depresioa normalean eta justifikatuak, baina, oro har, ez dute laguntza psikologikorik eskatzen.

Horrek ez du esan nahi, diosku Amurriok, diagnostikoaren ostean, gaixoak edo bere inguruak solasaldi bat behar ez dutenik, hasierako talka horri aurre egiten laguntzeko. Berria jaso eta ordu edo egun batzuetara, topaketa horrek gaixoa eta bere ingurua bideratzen lagundu lezake, egoera kontrolatzen eta kudeatzen lagunduz. Aritz eta Rosa berarekin ados daude, eta solasaldi hori egin izana gustatuko litzaiekeela adierazi dute. Luisek dio AECC Arabatik egunero egiten dutela lana horrelako programaren bat ezarri ahal izateko. Egoera horretan benetan beharrezkoa den programa. Psikologoa baikorra da eta berandu baino lehen lortuko dutela uste du.

Ia bazkaltzeko ordua da eta agur esan diegu gure hiru gonbidatuei. AECC Arabako lan-taldeari ere agur esan eta erredakziorantz abiatu gara. Harako bidean, izan dugun solasaldiari buruzko hainbat apunte interesgarri ateratzen hasi gara. Egia esan, gaur minbiziak edo beste gaixotasun larrik duten zama psikologikoaz kontzienteago gara. Hortaz, gaur are gehiago eskertzen dugu AECC Arabak egiten duen lana, izan ere, egunero milaka arabarrei ematen diete laguntza, gaixotasunari aurre egin diezaioten.

Gaur minbiziak edo beste gaixotasun larrik duten zama psikologikoaz kontzienteago gara

Iaz 2000 minbizi-kasu gertatu ziren gure lurraldean. Beldurra eragiten duen kopurua, baina testuinguruan jarri behar da. Gero eta jende gehiagok gainditzen du gaixotasun hori eta diagnostikoak eta programak hobetu eta zabaldu egin dira denboraz. Oraindik ikuspegi ezkorra badugu ere, onkologiak ikaragarri aurreratu du. Eta ez dezagun ahaztu arazo kardiobaskularrek minbiziak baino heriotza gehiago eragiten dituztela. Nahiz eta gaixotasunaren izena esateak berak izutu, baikor izan behar dugu. Horretarako, AECC Araba dugu eskura, minbiziaren aurkako ikerketetan laguntzeaz gain, gaixotasuna duten pertsona guztiei laguntzen baitie. Batzuetan, behar duenari entzutea bezain jardun xumeak eginez.

AECC Arabarekin harremanetan jar zaitezke, 945 26 32 97 telefonoan edo alava@aecc.es helbidearen bitartez. Elkartearen instalazioak Vitoria-Gasteizko Zabalgana auzoko arkupedun plazan daude. Leihoatik euren lankidetza eskertu nahi diegu, baita Aritz eta Rosarena ere, euren esperientzia gurekin partekatzeagatik. Eskerrik asko! 

Leihoaren argitalpenak jaso nahi badituzu eman ezazu izena gure newsletter zerrendan.