0 Kilometroko jazza
Jazz Vital jaialdiaren edizio berri bat burutuko dela-eta, musika genero honi buruzko hausnarketa egin nahi genuke.
Bizitza kasualitate-multzo bat da. 10.000 kilometro baino gehiagora sortutako genero musikal batek nola lortu zuen arrakasta gure lurraldean? Ez da misterio bat, baina bitxia da ikustea jazzak sustraiak bota dituela gure lurraldean. Ia mende erdiko historiak bereizten du gaurko eguna genero horren etorreratik. Coltrane, Mingus edo Davis-en grabazioek musikazale sutsu talde bat liluratu zuten, eta horiek musika jaialdi bat sortu zuten eta oso ona sortu ere, eta tira, gainerakoa historia da.
Jazza XIX. mendearen erdialdean jaio zen Ipar Amerikako Estatu Batuetako hegoaldean. Garai hartan, eskualde hura kulturen arragoa zen, erromes europarrak eta esklabo afrikarrak nahastuz. Horiek uztartu zituzten estiloak jazza sortzeko, baina, bitxia bada ere, izen hori ez da 1910eko hamarkadara arte idatzita agertuko.
Jazza gizarte afroamerikarraren musika-estiloetako bat da, eskualde hartako musika-kulturarako funtsezkoa. Haiei esker jazza jaiotzen ikusi genuen bai, baina baita blues, soul eta nola ez, rock-and-rolla ere. Sustrai musikal hain zabal eta indartsuak, azkenean ozeanoak gurutzatu eta Europara iritsi ziren. Europan jazza edo swinga benetako fenomeno sozialak izan ziren gerren arteko garaian. Gure kontinenteko lehen figura garrantzitsuak sortu ziren, hala nola Django Reinhardt gitarrista, Amerikar kontinentetik kanpo jaiotako eta bertan eragin mediatikoa izan zuen lehenengo jazz-figura.
Jazzaren etorrera gure lurraldera
Jazza 60ko hamarkadaren erdialdean errotu zen Euskadin, gipuzkoar talde baten kemenari esker. 1966an Donostiako Jazz-jaialdia sortu zen, Jazzaldia izenaz ezaguna. Genero horretako Europako jaialdirik zaharrenetakoa da, eta beste askorentzat eragin handia izan du. 1977an hasi zen Vitoria-Gasteizko Jazzaldiaren historia, eta Arabako musika-egutegian ospea hartu zuen, musika-mito handienetako batzuek bertan emandako kontzertu ahaztezinei esker. Mendizorrotzako pabiloiko agertokitik Miles Davis, Jaco Pastorius eta Ella Fitzgerald bezalako izen garrantzitsuak igaro dira.
Milaka arabarrek izan dute jazzaren eragina azken 5 hamarkadetan, eta ordutik hona sortutako musika-proiektuen kopuruagatik ikus daiteke hori. Gure inguruko kontserbatorioak eta musika-eskolak mota guztietako combo eta big band-en jaiotzaren lekuko izan dira, horietako asko ibilbide luzekoak. Jazzak bizirik dirau gure inguruan, gure kultura aberastuz, Jazz Vital bezalako ekitaldiei esker. Urtero, maiatzean, Vital Fundazioa Kulturunea gure inguruko jazz-talentu gaztea bultzatzen duen eszenatoki bihurtzen da. Kultura-bultzada hori 2022an itzuliko da, bederatzi musika talderen eskutik.
Bitxia da ikustea zer-nolako harrera izan dugun jazzarekin, gure sustraietatik hain urrun dagoen musika estiloarekin. Baina, ez al datza horretan edertasun musikala? Nazioarteko hizkuntza, emozioak sortzen dituena eta ezagutza eta kultura bultzatzen dituena, identitate mota guztietatik haratago. Maiatza iristean, jazza gure bizitzetara itzultzen da, edo, agian, bultzatu besterik ez da egiten, beti egon baita bertan. Luzaroan bizi bedi jazza.